Erakunde biak elkarlanean ari dira lurra-ibilgailu komunikaziorik behar ez duen kargagailu induktibo berritzaile bat garatzen tranbietarako.

Eremu elektromagnetiko baten bitartez transferitzen da energia.

Hala, enpresak erosoagoa eta seguruagoa den eta hirietarako inpaktu bisual txikiagoa duen karga aukera bat dauka

Sektore batzuetan, esaterako automobilgintzan edo telefonia mugikorrean, gero eta ohikoagoak dira hari gabeko karga metodoak, eta sektore horietan fabrikatzaile askok haririk edo entxuferik behar ez duten gailuen alde egiten dute ibilgailu elektrikoen eta adimendun telefonoen bateriak kargatzeko. Mota horretako kargagailuek, induktiboak deitzen baitzaie, energia igorlearen eta hartzailearen artean sortarazitako eremu elektromagnetiko baten bitartez transferitzen dute energia batetik bestera.

Garraio publikoa izan da metodo horren onurez baliatu den azkena. CAF tren konpainia gipuzkoarrak eta IK4-IKERLAN zentro teknologikoak hari gabeko karga sistema bat garatu dute tranbietarako. Karga sistemak ez du behar, ohiko metodoek ez bezala, inolako kontaktu elektriko zuzenik trenen bateriak kargatzeko, ez katenariarik, ez kablerik edo entxuferik.

Gailu berriak bi bobina ditu, eta bobina horiek energia transferitzea ahalbidetuko duen eremu elektromagnetikoa sortuko dute. Lehen bobina, primarioa edo igorlea deiturikoa, lurpean dago, sare elektrikora konektatuta, tranbia geldialdiak egingo dituen lekuetan. Bigarren bobina, berriz, sekundarioa edo hartzailea deitzen da eta trenaren beheko aldean instalatzen da, eta bihurgailu txiki bat dauka.

Horrela, tranbia bobina primarioa jarri den tokira hurbiltzen denean, bobina horrek korronte bat sortarazten du eta eremu elektromagnetiko bat eragiten du, zeinak beste korronte bat eragiten baitu bobina sekundarioan, trenaren bateriak kargatzen duen potentzia transferituta. Energia transmisio hori segurua da berez eta ez die bidaiariei eragiten, tranbia bat gainean jartzen denean baino ezin baita martxan jarri.

“Garapen horri esker, tranbiak bere ibilbidean egiten dituen geldialdiak aprobetxatu ditzakegu, esaterako, tranbia semaforo batean zain dagoela, bidaiariak geltoki batean jaisten ari direla edo kotxetegian bertan aparkatuta daudela, bateriak automatikoki kargatzeko, gidariak ezer egin beharrik eduki gabe”, azaldu du Irma Villarek, IK4-IKERLANeko proiektuaren arduradunak IK4-IKERLANeko arduradunak..