IK4-IKERLAN zentro teknologikoa hainbat industria proiektu garatzen ari da enpresekin eta teknologia horien garapenerako eta aplikaziorako Europan dauden proiekturik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartzen ari da.

 

Energia biltzeko sistemak, energiaren kudeaketa eta potentzia elektronika ikertzaileen jomuga bihurtu dira hainbat sektoretan, hala nola garraioen, berriztagarrien edo produkzio prozesuen sektoreetan. Izan ere, beren lehiakortasuna areagotu nahi dute funtzionaltasun gehiago edo kostu txikiago duten benetako soluzioekin, beren eraginkortasun eta fidagarritasun mailak handitzeko eta soluzio iraunkorrak eta ingurumenarekin errespetutsuagoak direnak eskaintzeko.

Testuinguru horretan, gaur egun IK4-IKERLAN zentro teknologikoa enpresa nabarmenenekin ari da lanean, teknologia horiek garatzen eta beren produktuetan integratzen.  Enpresa horietako batzuk dira  CAF, Vectia (CAF taldearen filiala), Orona, Fagor Ederlan, Iberdrola Renovables eta Cegasa, besteak beste.

Gainera, eremu horietan ezagutza berriak sartzen jarraitzeko, Arrasate-Mondragóneko zentro teknologikoak partaidetza nabarmena du energiaren kudeaketaren eta biltegiratzearen eremuan dauden erronka nagusietarako irtenbide berriak bilatzeko Europar Batasuna egin duen apustuaren barruan.

Zentzu horretan, erakunde ikertzailea Ghost eta Assured proiektuen aliatu teknologikoa da, non mugikortasun elektrikoko sistema berriak garatu nahi diren garraio sektorerako. Era berean, ETEKINA izeneko ekimena ere gidatzen du, industrian energia eraginkortasuna hobetzeko.

Hiru proiektuak Europako Batzordearen H2020 programaren barruan garatzen ari dira, eta horretarako 30 milioi eurotik gorako aurrekontua dute guztira.

 

Industria prozesuetako portaera energetikoa hobetzea

 

ETEKINA proiektuaren baitan,  zeina 2017an abian jarri baita eta lau urte iraungo baitu, zentro teknologikoa bero trukagailuak garatzeko eta baliozkotzeko lanetan ari da, kaloduktoen teknologia oinarri hartuta, altzairu, zeramika eta ferrosoak ez diren metalen sektorerako.

Aurreikusten da proiektuaren amaieran gailuak benetako inguruneetan ezarriko direla, hala nola Fagor Ederlanek Arrasate-Mondragónen duen lantegian, SIJ Metal Ravne enpresak Eslovenian dituen instalazioetan eta Ceramiche Atlas Concorde Spa enpresak Italian duen plantan.