Europar Batasunak, H2020 programaren barruan, 30 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Arrasate-Mondragoneko zentro teknologikoaren partaidetzarekin garatzen ari diren hiru proiektutara

Diru esleipen horiek egiaztatzen dute IK4-IKERLANek enpresei teknologia transferitzen egindako ibilbidea

Energiaren eta garraio elektrikoaren sektoreko fabrikatzaile eta hornitzailerik garrantzitsuenekin elkarlanean arituko da Gipuzkoako erakundea

IK4-IKERLAN zentro teknologikoa partaide garrantzitsua izango da energiaren kudeaketan eta biltegiraketan dauden erronka nagusietarako irtenbide berrien bila Europar Batasunak egin duen apustuan. Europar Batasunaren laguntza honek egiaztatzen du gure inguruko enpresarik ezagunenei, hala nola Caf, Vectia, Orona, Fagor Ederlan, Iberdrola Renovables eta Cegasaenpresei, teknologia transferitzeko ahalmena.

Horrela, proiektu hauen esleipenarekin IK4-IKERLANek jarraitu ahal izango du lehen mailako ezagutzak eskuratzen eta energiaren eta mugikortasun elektrikoaren eremuan abangoardia teknologikoan egoten.

Zehazki, Arrasate-Mondragóneko erakundea Ghost eta Assured proiektuetako aliatu teknologikoa izango da, zeinarekin garraioaren sektorerako mugikortasun elektrikoko sistema berriak garatu nahi diren. Aldi berean, IK4-IKERLANek industriako efizientzia energetikoa hobetzeko ekimena gidatzen du. ETEKINA izena du ekimenak.

Hiru proiektuak Europako Batzordearen H23020 programaren barruan garatuko dira, eta horretarako 30 milioi eurotik gorako aurrekontua edukiko dute guztira.

 

Industria prozesuetako portaera energetikoa hobetzea

 

IK4-IKERLANek aurrean daukan lehen erronka da ekoizpen prozesuen portaera energetikoa hobetzea, prozesu horietan askatu ohi den beroa berreskuratuz eta berrerabiliz. Horrela, zentro teknologikoak industria ehunaren lehiakortasuna sustatu nahi du.

ETEKINA proiektuaren baitan, zeina 2017an abian jarri baita eta lau urte iraungo baitu, zentro teknologikoa bero trukagailuak garatzeko eta baliozkotzeko lanetan ari da, kaloduktoen teknologia oinarri hartuta, altzairu, zeramika eta ferrosoak ez diren metalen sektorerako. Berreskuratutako beroa industria prozesuetan erabiliko da, prozesuen efizientzia energetikoa hobetzeko, kostu operazionalak gutxitzeko eta CO2 igorpenak minimizatzeko.