Assured ekimenak garatu eta txertatuko ditu potentzia handiko kargagailuen belaunaldi berria autobus eta kamioientzat

Zentro teknologikoak, Vectiarekin eta ABBrekin batera lantalde berean arituta, autobus %100 elektrikoak zerbitzuan karga azkarrak eginez ustiatzea frogatzea bultzatuko du, beste fabrikatzaile batzuekiko interoperabilitatea bermatzeko.

Automobilgintza sektorea teknologikoki aurreratuak diren soluzioen bila dabil, egungo errekuntza-motorrak osasungarriagoak eta ingurugiroa gehiago errespetatuko duten beste sistema batzuekin ordezkatzeko. Zentzu honetan, propultsatzaile elektrikoen garapenaren aukera efikaza da, ez bakarrik ibilgailu pribatuei begira, baita autobus eta kamioei dagokienean ere.

Elektrifikazio horretan ekarpen bat izateko helburuarekin, IK4-IKERLAN zentro teknologikoak Assured europar proiektuan parte hartzen du. Bertan, potentzia handiko (600 kWraino) kargagailuen belaunaldi berri bat garatu nahi da ibilgailu astunen fabrikatzaile ezberdinentzat.

Aldi berean, ekimen hau bide bat da beharrezkoak diren arauketak eta estandarrak sortzeko, eta oso-oso azkarrak diren sistema horien txertaketa eta elkarreragingarritasuna fabrikatzaile eta operadoreei errazteko.

Aurtengo urrian hasi eta lau urte iraungo duen proiektu hau Europako Batzordearen H2020 programaren barruan dago, eta 18,7 milioi euroko aurrekontua izango du.

Assured Vrije Universiteit Brussel (VUB) erakundeak gidatzen du, eta maila handiko  berrogei  enpresa eta erakunde inguru bilduko ditu, esaterako, Vectia, Iveco, Volvo, MAN, Irizar, Siemens edo Alstom.

Assured proiektuaren barruan, IK4-IKERLAN biltegiratze sistemen funtzionamendu egokian eragina duten faktore nagusiak aztertzen eta ebaluatzen arituko da (litio-ion baterietan batez ere). Besteak beste, bateriek beren bizitza baliagarrian pairatzen duten narriadura edo potentzia handiko eragiketetan izaten duten portaera aztertuko du.

Halaber, Arrasate-Mondragón-eko zentro teknologikoak energia kudeatzeko estrategiak diseinatuko ditu helburu hauek lortzeko: eraginkortasuna maximizatzea ibilgailuen karga eta operazioa irauten duen denboran, autonomia areagotzea eta hirietako ingurumen jasangarritasunari laguntzea.