Go Mobility feriaren bigarren edizioa datorren urteko martxoaren 11n eta 12an egingo da Ficoban, Europa Hegoaldeko lehen erakusketa honen Batzorde Teknikoaren lehen topaketan ezarri denaren arabera. Feriaren lehen edizioa joan den urteko azaroan egin zen eta emaitza arrakastatsua izan zuen; horrela, bigarren edizioan etorkizuneko mugikortasun berria aztertuko da, ingurumenarekiko jasangarria, segurua, irisgarria eta konektatua den mugikortasuna, hain zuzen.

Go Mobility feriaren Batzorde Teknikoaren buru Antton Tomasena Berrikuntzako zuzendari nagusia da, eta bertan parte hartzen dute erakunde publikoetako, enpresetako, teknologia zentroetako eta mugikortasun iraunkorrarekin eta energiarekin zerikusia duten elkarteetako hainbat ordezkarik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren barruan kokatzen den industria erakusketa horrek parte hartze arrakastatsua izan zuen joan zen urtean «Go Mobility – The Basque New Mobility Exhibition» izenburupean; izan ere, guztira 70 erakusketari eta 2.150 profesional elkartu ziren etorkizuneko mugikortasunaren erronkak aztertzeko eta alor horretako azken soluzioak ezagutzeko. 2018an egin zen lehen edizioaren gai nagusia mugikortasun jasangarria eta energia metaketa izan zen, eta bigarren honetan, berriz, etorkizuneko mugikortasuna aztertuko da ikuspegi zabalago batetik begiratuta, ingurumenarekiko jasangarria, segurua, irisgarria eta konektatua den mugikortasuna lortze aldera.

Go Mobility azokaren helburua da erreferentziazko hitzordua izatea Europa Hegoaldeko mugikortasun jasangarri eta adimentsuaren balio kateko eragile guztientzat, eta elkargune bihurtzea balio erantsi handiko trukeak sustatzeko, proiektu berritzaileak bultzatzeko, eta lurraldearen industria eraldaketa indartzeko. Hasi dute merkaturatze prozesua eta lehen erakusketariak hasi dira jadanik izena ematen.

Halaber, industria erakusketa hau mugikortasun elektrikoaren garapen industrialerako Gipuzkoako Estrategian kokatzen da, zeina mugikortasunarekin eta energiarekin zerikusia duten 40 eragile, enpresa, teknologia zentro eta erakundek burutu baitute partaidetza prozesu baten bidez, eta hauek dira hiru ardatz estrategiko nagusiak: lurraldeko garapen industrial eta teknologikoa bultzatzea, behar berriei erantzuteko behar diren azpiegiturak eta gaitasunak garatzea, eta Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren eta energia-metaketaren alorrean posizionatzea.